Málagako landa-garapeneko taldeak Euskadin, Mendineten eskutik, turismo-proiektu interesgarriak ezagutzen

Málagako landa-garapeneko zazpi talde, Costa del Soleko Turismo eta Plangintzako ordezkariekin batera, Euskadin izan dira astelehenetik asteazkenera arte (irailaren 25a), gure lurraldeko proiektu eta ekimen interesgarriak ezagutzen.

“Málagako turismo-eskaintzaren kalitatea, berrikuntza eta iraunkortasuna” lankidetza-proiektuaren barruan dago sartuta jarduera, eta guztira 46 lagun bildu ditu, Mendineten eskutik, besteak beste, landa-garapeneko taldeetako kudeatzaileak, Málagako zenbait udalerritako ordezkari politikoak, turismo-sektoreari lotutako enpresaburuak eta Costa del Soleko Turismo eta Plangintzako bi ordezkari.

Zehazki, landa-garapeneko talde hauek egin digute bisita: Axarguia, Antequera, Guadelteba, Nororma, Sierra de las Nieves eta Serranía de Ronda eta Valle del Guadalhorcekoak.

Hiru egunetan, gure lurraldeetako enpresa turistikoak, ostatu- eta enoturismo-proiektuak eta erreferenteak diren ekimenak ezagutu ahal izan dituzte, Euskadiko landa-garapeneko elkarteen eskutik.

Lehenengo egunean, Mendinetek aurkezpena egin zuen Mutrikun, Joseba Palenzuela alkatea eta jardunaldia koordinatzeaz arduratutako Debemen eta Urkome landa-garapeneko elkarteak bertan zirela. Gipuzkoako udalerriko portura bisita gidatua egin ondoren, Goxart lantegian izan ziren, eta Lasturrera (Deba) jo zuten gero aterpetxea, taberna, zaldiketa-eskola eta beste proiektu batzuk ezagutzera. Ondoren, Zumaiara joan ziren Santa Klara nekazaritza-turismoa eta Bungalows Zumaia kanpina ezagutzera, eta Euskal Itsasaldeko Geoparkean itsasontziz ibilaldi bat eginez amaitu zuten eguna.

Bigarren egunean, Arabako Errioxako eskualdean izan ziren, bertako landa-garapeneko elkartearen eskutik. Aurkezpenaren ondoren, Guardia-Errioxako Kuadrilla eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea ezagutzera eman zituzten Samaniegoko El Ochavo ekintzailetza-zentroan. Hurrengo geldialdia Páganosko mahastietan eta El Puntido jatetxean izan zen, proiektu horrek Erein programaren dirulaguntza jaso baitzuen 2021ean. Guardian bertan, Pachico hotela ezagutu ahal izan zuten, hori ere LEADER programaren laguntza jasotakoa baita. Eguna amaitzeko, otordua egin zuten Huerta Vieja jatetxean.

Azken eguna Urremendi landa-garapeneko elkarteak koordinatu zuen; elkarteko kudeatzaile eta Mendineteko presidente Aitziber Ansotegik egin zuen ongietorria, eta Urdaibaiko (Bizkaia) proiektuak eta esperientziak ezagutzea izan zuen ardatz. Urdaibai Bird Center, hegaztiak begiztatzeko Zentroa, izan zen eguneko lehen hitzordua, eta, gero, bisita gidatu ederra egin zuten Gernikan. Bazkalondoan, Ekoetxean amaitu zen topaketa, Biosferaren Erreserbako Interpretazio Zentroan.

Zalantzarik gabe, bisita tekniko hau aukera paregabea izan da Mendinetentzat gure inguruko ekimen eta proiektu interesgarriak erakusteko, eta, jakina, Málagako landa-garapeneko taldeekin esperientziak trukatzeko.

WhatsApp
Facebook
Twitter
LinkedIn